
Secciones
Servicios
Destacamos
Aurten, Donostian frontoiak, zinema aretoak eta hotelak aspalditik sortu eta kudeatzen dituen SADE enpresak bere mendeurrena ospatzen du. Asko ari da hitz egiten, kontu ugari ari dira plazaratzen eta orrialde hamaika ari dira argitaratzen horren harira.
Izugarrizko saloi ederra izan zen Arte Ederrak bihurtuko da laster luxu handiko ostatu (Hilton kate goi mailakoak babestua) eta hari horri ere tiraka, denboraren poderioz kondaira kutsua hartzen ari den gertaera, pasadizo, jazoera baten berri izan dugu guk.
Mikel Elkoreberezibar Beloki kazetariak idatzi izan duen bezala, Bertsolaritzak izan du bere lekua eraikin horretan, eta ez edonolakoa. Joxan Goikoetxea musikagileak sakon ikertu zuen Columbia diskoetxeak ateratako Txirrita y Asteasu diskoa, bertsolaritzari buruz historian egin den lehena, eta jakin zuen Arte Ederrak jauregian grabatua izan zela. Hain zuzen ere, 1926ko San Tomas egunean bertso saio garrantzitsu bat egin zuten han, eta hura grabatu egin zuten. Goikoetxeak beste misterio bat ere argitu zuen: ikerketen ondorioz jakin ahal izan zuen 'Asteasu' hura Jose Migel Vitoria Anbuerri asteasuarra zela.
'Forrest Gump' edo Woody Allenek sorturiko Zelig pertsonaia miresgarrien modura, mila saltsa paregabeetan sartua den akordeoia fin jotzen duen Joxan Goikoetxek disko eta grabaketa horiek ikertzeari ekin zion behin. Gogotsu ekin ere ziento bat iturritan ibili zen peskizetan. Zeintzuk izan zituen esku artean? Zerrenda luzea bada ere, hona hemen: KM Liburutegiko artxiboa; ERESBIL, Euskal Musikaren artxiboa; Auspoa bilduma; Antonio Zavalaren dokumentazioa, eskuizkribuak eta argitaratu gabekoak; hemeroteka, prentsa eta aldizkariak (1890-1935); bertsolaritzari buruzko beste hainbat argitalpen eta artikulu; Donostiako elizbarrutiko artxibo historikoa; Asteasu, Zizurkil eta Hernaniko udaletxetako artxibo eta erregistroak; Asteasuko hainbat herritarren testigantza; beste iturri batzuk: Auñamendi entziklopedia, BDB Bertsozalen datu basea; Kutxateka. Fototeka; eta GureGipuzkoa, Foru Aldundia.
Baina, ze demontre bilatu nahi zuen Bitorixen Paco Ibañezen konpainian jo berri izan duen Joxanek? Jakin nahi zuen, jakin ere, gaur kasik 100 urte Arte Ederrak jauregian 'Asteasu' izengoitiaz mozorroturik nork jardun zuen Txirritarekin batera. Ez baitziren hala moduzkoak Asteasuk botatako bertsoak:
(…)
Astiasutik gaur etorri naiz automobiltxo batian Donostiya da bertsuetako guztizko borondatian Iñazi(g)o Sagasti da kontra ez dadukat apartian zein gean hobenak probatutzera Bilas Artesko partian.
(…)
Ezin litzake nolanahi hizketan agitu (abittu) ezin apostururtan gaztetandik ohittu behin hasitako martxai bihayou segitu aurreko erremintonek moldatuko gaitu.
(…)
Gosari eder egin degu ta bazan nahi aina edari gutzat horrenbeste aukera zala jaunak gezurra diruri nahi bezelako komenentziyaz ekiñaz aurre-ein lanari gu hemen ondo hartu gaituzte gaur biba donostiarra
(…)
Orain diat bertsuetan pazientziz hasi txiki txikitandikan nuken nik ikasi morroi giñan luzetan gailendutzen hasi probintzia(n) Gipuzkuban gu gera nagusi.
Txirrita bitartean, irrintzia bota ondoren honela zegoen bertsotan: Hara nere lagunak egin irrintziya, Zeinek esandail hori horren hitzontziya. Orain da portatzeko komenientziya, ia altxatzen degun, gure probintziya.
Bueltaka ibili zen Goikoetxea, eskuratu zituen iturri guztietatik edaten eta, deliberamenduz deliberamendu, ondorio batera iritsi. Agian ezin guztiz seguru izan baina posiblea da oso 'Asteasu' hori Jose Miguel Vitoria Agote izatea, Pello Errota eta Atxaga bezala Obaban jaioa. Bazuen beste ezizen, bere jaiotetxeari lotuta, bertsopaperetan eta izkributan hamaika era ezberdin idatzia agertzen dena. Aranburu-berri baserrian jaioa zenez (1887an), hortik hartu zuen izena: 'Aranburu', 'Anbuerri', 'Anbu' edo 'Amuerri'.
Felix Ibargutxik duela sei urte hau plazaratu zuen periodikun: «bere garaian oso-oso ezaguna izan zen, Uztapidek ere aipatzen du bere oroitzapen-liburuan, baina gero, bertsolaritzaren historia idazteko garaian, oso bigarren plano batean gelditu zen».
Beharbada ez baitzen oso serio eta zintzoa. Berde samarrak, bastante erotikoak ziren bere kanta asko eta editore batzuek uko egin zioten argitaratzeari. Lagunek, alta, gogoz eta pikaro erosi. Leitu zer ekarri zuen gogora Uztapidek bere memorietan: «Asteasuko Aranburu-berri kanta-paperak saltzen ibiltzen zen. Hura gizon lodia zen. Ehun bat kilo igual izango zen hura; gizon patxadazkoa. Hark bertso berdeak izaten zituen. Guk huraxe nahi. Bestela erosiko ez bagenituen ere, berdeak baldin baziren segituan erosiko genituen, eta bai ikasi ere. Batean, Zestoara feriara etorri zen kanta-paperak saltzera. Hasi zen kantatzen, eta orduan ere berdeak hark. Berehalaxe mikeleteak arrimatu zitzaizkion, eta ez kantatzeko, formalidade gutxiko bertsoak zirela eta«.
Orduan zera egin zuen Asteasuk, Uztapidek kontatzen duenez: aulkia hartu eta tabernara joan, eta han hasi kantuan. Bazuen zeinek erosia. «Hango tira beharra eta hango bultza beharra! Mikeleteek mesede ederra egin zioten hari. Bestela erosiko ez zutenek, orduan erosten zuten papera. Mikeleteak kantatzea galarazia zela jakitea nahikoa zen papera erosteko. Hamar xentimo izaten zen paper bakoitza, baina hark diru mordoa bildu orduan ere. Holaxe manejatzen zen hura».
Pikante. Berde. Lodia. Garai haietako punkia. Agian Arte Ederretan jardun zuen 'Asteasu' hura ez zen bera baina hain da polita istorioa ze… gurera ekartzen dugun. Biba Abunberri!
Publicidad
Ivia Ugalde, Josemi Benítez e Isabel Toledo
Elene Arandia | San Sebastián y Oihana Huércanos Pizarro (gráficos)
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.