
Secciones
Servicios
Destacamos
Bi hitz, izen bat, Jon Mirande, soilik esanda mundu oso bat irekitzen da: idazle famatua bezain madarikatua, poeta fin bezain polemikoa, artista eta obraren arteko eztabaida... Argi dagoena da haren heriotzatik 50 urte baino gehiago igaro ostean ere, «bizi-bizirik» dela. Azken proba haren 'Udazken artsalde baten oroipena' poema musikatu duela Joserra Senperenak (Donostia, 1965) eta Jurgi Ekizak abestu. Hasiera batean Josu Martinez zinemagileak ondutako 'Mirande, film bat egiteko zirriborroa' dokumentalaren parte izan behar zen, baina «hainbat arrazoi medio» kanpoan geratu zen eta, orain, plataforma digitaletan entzungai jarri dute.
Poemak maitasun eszena bat du oinarrian eta soiltasun hori mantentzea izan du helburu Senperenak, aurrez Coque Mallarekin egindako 'Otro año más' kantuan bezala. «Poema ezin iradokitzaileagoa da, berehala harrapatu ninduen deskribatzen duen maitasun eszenak sorgin giro horretan». Hori bai, argi dio ez dela balada bat. «Badu bere indarra, erritmoa, Jurgik ez du suabe kantatzen eta nik ez dut pianoa suabe jotzen». Doinua lantzerako unean Martinezen ikus-entzunezkoaren soinu-banda egiten murgilduta zen eta horrek prozesua «erraztu» zuela iritzi du. «Buru-belarri sartu eta di-da egin nuen. Beste momentu batena agian gehiago kostatuko zitzaidan». Ez zuen tarte askorik izan, «apenas asteburu bat» oroitzen du, eta hiru doinu proposatu zituen. Horietatik bat aukeratuta, maketa moduan grabatu zuen bere ahotsarekin. Esan bezala, ez zen ikus-entzunezkoan sartu, nahiz eta Martinezek aukera oro aztertu, eta kaxoi batean geratu zen. Hari baimena eskatuta grabatu dute orain.
Lehen bertsio hartatik gutxi aldatu dela azaltzen du donostiarrak. «Jurgiri [Ekiza] bidali nion eta, noski, bere interpretazioa gehitu dio, kantaera, baina doinua eta egitura berdinak dira. Ez du ez tonalitatea ez notarik aldatu, estrofa arteko 'uuuu' hori soilik gehitu du», xehatzen du. Bidea, gainera, oso erraza izan da. «Elkar ezagutzen ez bagenuen ere, primeran joan zen grabazioa; lau-bost toma egin genituen eta onena hautatu». Grabazioa «etxean» egin zuten, urtarrilean, eta edizio edo aldaketarik gabe ikusgai da sarean. «Bera oso musikari ona da, hori gertatzen da musikari onekin», goraipatzen du. Bi artistek lortutako konexioaren adierazle, argi du Senperenak ez dela ohikoa eta emaitzan nabari dela. «Transmititzen da. Egungo musikan dena oso editatua, afinatua, kuantizatua dago, matematikoa eta robotikoa da, bereziki pop musikan. Kantari eta pianista bat ikustea ez da ohikoa, gozada bat da». Naturaltasun hori ikus-entzunezkoan ederki islatzen da. «Buruz abesten du, atril eta letra gabe, kantuan guztiz sartuta dago», jartzen du adibidetzat Senperenak.
Martinezek 'Mirande, film bat egiteko zirriborroa' ikus-entzunezkoa ontzeko dokumentazio eta ikerketa fasean aurkitu zuen. Aurrez Patri Urkizu zenak apailatutako 'Jon Miranderen gutunak (1948 – 1972)' (Susa, 1995) liburuan ziren Koldo Mitxelena, Andima Ibinagabeitia, Txomin Peillen edota Jon Etxaiderekin gurutzatutakoak direnez, «lagunei bidali zizkien gutunak ezker-eskuin» bilatu zituen eta hala «andana» eskuratu zituen: Krutwig-i bidalitakoak, Gabriel Arestiri bidalitakoak, Aingeru Irigarairi bidalitakoak… eta Telesforo Monzoni bidalitakoak ere bai. Azken hauek Olaso Dorrea Fundazioan ziren eta horien artean aurkitu zituen poemak. «Ederra iduritu zitzaidan, eta laster ohartu nintzen inon argitaratu gabea zela. Berehala, filmean leku izan zezakeela pentsatu nuen», azaltzen du Martinezek.
Ez zen posible izango, batetik, Euskal Herriko Unibertsitateak diruz babestu ez balu eta biziki eskertzen du donostiarrak Patxi Juaristik zuzentzen duen Gabriel Aresti Katedrak eta Amaia Elizaldek zuzentzen duen Mikel Laboa Katedrak indarrak batu izana. Berezia izan da, gainera, euskal idazle paristarraren jaiotzaren mendeurrena betetzen delako. Eta, maila pertsonalean, Ekizarekin lan egiteko aukera eman diolako. «Batzuetan artista bati eskaintzen diozu kolaboratzea eta beti ez dizute baiezkoa ematen, Jurgiren kasuan baiezkoa eman zuen eta kriston poza hartu nuen. Aspalditik jarraitu dut bere lana Willis Drummond taldean, asko miresten dut, eta kantu honetarako interpreterik onena izango zelakoan nengoen». Oroimenean du Grosen izan zen Garoa dendan bakarlari bezala Ekizak eman zuen emanaldia. «Beti gitarrarekin kantatzen duen artista da, baina imajinatzen nuen pianoarekin eta kantu honetan bere ahotsa entzuten nuen»
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.